IRATI MENDIGUREN: “Zer adierazi harrotasuna eta maitasuna baino?”

IRATI MENDIGUREN (Aiaraldea Komunikazio Leihoa). Martxoak, udaberriaren etorrerakin 13 lekukotza utzi dizkigu atarian, zein baino zein zirraragarriagoak. Pertsonalak, kolektiboak, testigantzak, bizipenak, sentimenduak, promesak, marrazkiak, komikiak… Adin, kolore eta gustu anitzeko lekukotzak izan dira guztiak, herritarrak, aiaraldearrak.

Azken lekukotza Aiaraldea Komunikazio Leihoarentzako gorde nahi izan dugu, zutabe hauen oinarrian, elkartekide askoren lana, denbora, izerdia eta ilusioa dagoelako.Erne.Grinatsu.Sendo.

Eta elkartearen izenean hitz batzuk idaztearen momentua iritsi denean, zer adierazi harrotasuna eta maitasuna baino?

Nerbioiaren magalean bada eskualde natural bat, euskalduna eta anitza. Aniztasuna aberats egiten dakiena eta Euskal Herria maite duena, euskara maite duena, euskararen herria. Euskararen normalizazioan hamaika mugimendu, banako eta eragile ari gara egunez egun lanean. Norbere esparruan euskaraz bizitzeak territorio libre bilakatzen baikaitu.

Maite dugu askatasuna, maite ditugu gure herriak. Horregatik aiaraldea.com ataria berri freskoekin esnatzeko ahalegina egiten dugu 60 bat herritarrek, zure laguntzaz. Kultur ekitaldiak antolatu ditugu, eta baita mahainguru tematikoak ere. Elkarteekin kolaborazioak egiteko leihoak zabal zabalik daude, eta eskuz esku euskarazko komunikazioan aritu nahi duenarentzat, gure egoitzetako ateek ere ez dute zerrailik.

Denok dugu intxaur bat poltsikoan, eta bakoitzak poltsikoan duen hori mingainera ateraz gero, elkar igurtziz, dastatuz eta solastuz, nola ez dugu ba lortuko, aiaraldea euskalduna?

Intxaur batek bakarrik, ezer gutxi egin lezake. Bata bestearekin elkarlanean, ordea, euskararen oskolak hautsi eta barruko mamia atera dezake. Hori izan da hasieratik gure lanaren leloetako bat. Eta ez hitzez bakarrik, norberak nahi duenetik, barnetik, ahal eta sinisten duenetik emango baitu euskararen normalizaziorako urratsa. Batzuena azkarra izango da, besteena motela; akaso askok pausaz beteriko istorioa biziko dute hizkuntzarekin; agian euskaldun batez maitemintzeak eraman du Ahmed  euskara ikastera, edota Miren, bezeroak euskaraz tratatu ahal izateko beharra duelako. Pertsona bakoitzak bere bizipenak josten ditu egunero egunero… bizipen horiek guztiak euskaraz jostea da gure erronka.

Zorionak aiaraldea. Eta zorionak Aiaraldea Komunikazio Leihoaren parte zareten guztioi ere. Informatzaile gisa, iruzkin egile, berriemaile, erredaktore, argazkilari, webgaratzaile… edo bazkide zareten horiei. Zuei esker baita posible aktualitatea eta informazioa euskara hutsez eta kalitatez egitea. Zuei esker baita posible informazioa herritarren ahotik jaso eta zabaltzea. Zuei esker baita posible, aiaraldean unetik unera, euskarazko komunikaziogintza jarraitu eta sustatzen duen jende eta elkarte kopurua areagotzea.

Nola ez sentitu bada, aiaraldear izatearen harrotasuna? Nola ez sentitu euskararekiko eta herriarekiko maitasuna? Zuek egiten duzue handi proiektu hau. Eta eskutik helduta egingo dugu bidea.

Eman diezaiogun euskara aiaraldeari!