JESSI PICATOSTE: “Oso zaila egiten zait Madrildar bati korrika zer den azaltzea”

jessi

MADRILDAR BATI KORRIKA ZER DEN AZALTZEKO…

Urte bat neraman hemen lehenengo aldiz korrikari buruz hitzegitea entzun nuenean.Ez dakit zenbat aldiz azaldu zidaten,baina ez zitzaidan argi geratzen. Orain, bost urte ta gero ta korrika pare batean egon eta gero, korrika zer den ulertzen dut, baina oso zaila egiten zait nere familia ta lagun madrildarrei azaltzea.

Ez da bakarrik maratoi bat, ezta euskera bultzatzeko beste modu bat ere…

Hizkuntza horren bizitza sentitzea da, bere nortasuna, bere inguruan sortzen den mundua, kultura eta sustraiekin dagoen konpromisoa…. Hemengo jendeak duen kompromisoa.

Bi urtero ikusi ahal izan dut, nola jendeak itxoiten duen ilusioz korrikaren tipi-tapa. Nola, goiz, hasten diren prestaketak, non pertsona eta elkarte askok parte hartzen duten, gogo beteaz.

Batzuk planak egiten ditugu, egun horretan elkartzeko eta elkarrekin, birikiek uzten diguteneraino, korrika jarraitu. Aspaldi ikusten ez dugun jendearekin elkartzen gara…

…Korrika gure topalekua da.

Batzuk ba dute gustoko lekuren bat, korrikarekin bat egiteko edo sorlekura bueltatzeko aprobetxatzen dute, euren jendearekin batera bide zati hori egiteko…

…Korrikak haien sustraietara itzultzen ditu.

Batzuk emozioz gainezka malkoak isurtzen dituzte, Bilbon esaterako, tipi-tapa erritmoan zenbat jende batzen den ikusita. Norbanako guztien artean lotura bat existitzen delako…

…Eta korrikak lotura hori berresten du.

Batzutan ordu txikietan heltzen da korrika,eta goizeko 5:00etan ohetik salto batez altxatzen gara. Kanpoan egiten duen hotzean pentsatu gabe, eta iratzargailua entzuteak ematen duen nagia sentitu gabe. Abentura handia bizitzera doan umearen ilusioarekin…

…Arropa jantzi, zapatak oinetan sartu eta korrika jasotzera atera, emozioak eta nekeak gorritutako aurpegi horiek berriz ikusteaz poz-pozik…