AITANA IZAGIRRE: “Agate Deunaren egunean hasten da lekukoaren transmisioa, etxez etxe zeharkatzen dugu Zollo Korrikako azken jairako autobusa ordaintzeko diru eske”

aitana

Zollo herri txikia da, baina arima handikoa. Aspalditik datorkigu euskararekiko lotura eta txikitatik erakusten digute euskara eskuz-esku, ahoz-aho eman beharreko zerbait dela (nahiz eta askotan ahaztu).

Santa Ageda egunez hasten da lekuko horren lehen transmisioa, herri osoak; zahar, gazte eta ume, andre eta gizon; makilak eskuan harturik, Zollo etxez-etxe zeharkatzen dugu Korrikako azken jairako autobusa ordaintzeko diru eskean.

Korrika ingurura hurbildu ahala urduritasun puntu bat dator berarekin batera, prestaketak apurka-apurka forma hartzen doaz, ingurua euskararen eta Korrikaren aldeko pankartez betetzen da eta herriko umeek, Korrika aitzakia hartuta, eskolan eginiko marrazki, pin etab.ekin etxeak kolorez janzten dituzte. Korrika gauez igaroz gero, Korrika txikik alaitzen ditu bide bazterrak egunean zehar. Lekukoa nork eramango duen ere aspaldi dakigu: gurean
herriko ume edota gazteek daramate, bikoteka jarriz eta kilometroan zehar bikotez bikote lekukoa pasaz.

Azkenean, irrikaz itxaroten genuen eguna heltzen da, Korrika ingurutik igarotzen dena alegia. Zapatilak jantzi, petoa soinean jarri eta kotxeetan banaturik gure kilometrorantz abiatzen gara herri osoa (luze egiten diren Zeberioko kurbetara edo Arrankudiagara). Bikoteak bere lekuan jarri eta umorez eta kolorez lepo, lekukoa noiz helduko zain geratzen gara.

Urrunetik musika eta jendearen oihu isilak entzuten dira. Badator Korrika! Jende karabana gero eta hurbilago dugun heinean ilusio eta gogoak handitzen doaz eta sabeleko korapiloak nolabaiteko askapen bat izaten du. Lekukoa heldu da gugana. Beroketarik gabe hasi gara tipi-tapa, bakoitza bere neurrian eta herriko umeek pozarren luzatzen diote elkarri euren lekukoa, urteetan zehar herriko nagusiek gazteei euskara luzatu bezala.

Bukatzean sentsazio gozo batek ezkutatzen du aurpegietako nekea. Batzuk kilometro piloa eginda, besteek bakarra edo erdia, bakoitza bere neurrian. Norbere esku dagoen apur horrekin, batak besteari dakien apurra helarazten dionez… eman lekukoa elkarri, EMAN EUSKARA ELKARRI!