KEPA SOJO: “Aluzinantea, ligatzea konplikatua eta Korrika-rako arropekin posiblea izango zen gau horretan”

sojo

Ez dakit zenbat aldiz parte hartu dudan Korrikan, baina nire lehenengo karrera pasa den mendean ekoiztu zen. Euskaltegian ikasten ari nintzen eta Korrika Laudiotik pasatzen zen larunbat batean hain zuzen, gaueko 2etan. Atletaz jantzita, beste lagun batekin pote batzuk hartzera joan nintzen karrera itxoiteko.

20:00etan hasi ginen gure poteo-korrikalari. Zurito mordo bat hartu ondoren bokata bat afaldu genuen. Tabernaz taberna joaten ginen dotore jantzita: txandal eta dorsala, jakina. Itxura horrekin ligatzea konplikatu samar zen, beste egunetan bezala. Laudioko Herriko Plazan kriston giroa zegoen. Mundu guztia prest zegoen Korrikari harrera polita egiteko. Zirimiria hasi zen erortzen. Berdin zen guretzat, zuritoak hartu eta gero.

Megafoniatik esan zuten atzerapen bat zegoela. Bi posibilitate geneuzkan nire lagunak eta biok. Lehenengoa Korrikaren bila joatea, bigarrena beste pote bat hartzea. Erabaki genuen beste pote bat hartzea, noski, gazteak ginen eta. Txarrena da atzerapen horrekin hiru pote gehiago hartu genituela. Mozkorra hurbilago zegoen. Nire lagunak esan zidan ez kezkatzeko Korrika zelako eta ez New Yorkeko maratoia. Arrazoia zuen baina korrika egiteko baldintzak ez ziren oso onak momentu horretan guretzat. Gainera bi neska polit guregana etorri ziren eta hasi ginen berba egiten. Harrigarria
benetan. Haiek itxura ona zuten eta ez zeuden jantzita Korrikan parte hartzeko. Basaurikoak ziren eta ez zekiten ezer Korrikari buruz. Barre egin zuten gure itxura ikusita, baina oso majuak ziren. Elkarrizketa gero eta goxoago zen eta banengoen musu bat emateko nire neskari prest. Aluzinantea, ligatzea Laudion konplikatua eta Korrikarako arropekin posiblea izango zen gau horretan. Bat batean Plazako megafoniatik entzun genuen karrera etortzekoa zela. Nire lagunaren negoziaketek bide ona zituzten. Megafonoa entzutean pentsatu genuen zer egin. Edo neskekin geratzea edo Korrikara joatea.

Euskaldunak gara eta euskara ikasten ari gara eta gure hizkuntza bultzatu eta defendatu egin behar dugu. Baina neskak xarmangarriak ziren. Erabakitzea konplikatua zen inondik inora. Nire Basauriko printzesak, sirena bat izango balitz bezala, esan zidan: geratu nirekin, geratu nirekin. Baina Korrika zetorren, jende pila zegoen Euskal Herrian Euskaraz oihukatzen. Momentu horretan pentsatu nuen euskara ligatzea baino inportanteagoa zela. Utzi genituen neskak eta kilometroak hasi ginen egiten, Laudioko plazatik Ugartera, hortik Garate gaina pasatu eta gero Okondora abiatu ginen eta hortik Zuhatzara. Hamalau kilometro egin ondoren guztiz nekatuta utzi genuen karrera. Arespalditzako errepidean geunden gaueko 5etan pentsatuz ahaleginak merezi zuela. Laudiora bueltatu ginen pixkanaka Luiaondon gosaldu ondoren.

Hurrengo eguneko egunkarian argazki batean atera ginen poz pozik korrika egiten. Badaezpada hurrengo larunbatean Basaurira joan ginen buelta bat ematera nesken bila. Trenean erabili genuen gure 5. mailako euskara. Neskak ez ziren agertzen baina hurrengo egunean Korrikan parte hartu genuen berriz. Hiru kilometro baino ez genituen egin. Gainera, zuritoak hartu gabe. Goizeko 8ak ziren eta euskararen aldeko karrera berpiztua zegoen.

XXI. Mendean sartuta pozten naiz Korrika bueltatzen denean. Momentu honetan saiatzen naiz euskara bultzatzen esparru ezberdinetan. Euskara gero eta finkatuagoa dago Euskal Herrian. Korrikak asko egin du horretarako urte hauetan.