IRATI MARAÑON: “Furgoneta datorrenean, haren atzera bildu, eta tipi-tapa, tipi-tapa, korrika, zerbaiten parte sentituko gara”

irati_maranon

Korrika sentimendua

Cascanteko irteeran daude, Ablitas 4 kilometrora dagoela dioen bide-seinalearen ondoan. Goizeko hirurak dira, eta oso hotz dago. Lau katu dira: lau friki, lau vasco, halaxe esaten diete herrian. Haien egoerak ez du zerikusirik hiriburuetatik edo herri euskaldunetatik igarotzen den jendetzarekin. Baina ilusio bera dute, sentimendu bera eta “ika, ika, ika, badator Korrika” entzuten dutenean AEK-koen furgonetan jarrita dauden bozgorailuetatik, zirrara beteak astinduko dizkie gorputzak.

Euskal Herriaren azken muturrean bizi dira. Antz gehiago dute errioxarrekin edo aragoiarrekin, baina bada zerbait desberdin egiten dituena. Errioxarrak eta aragoiarrak ez dira bidegurutze batean egongo goizeko ordu txikietan furgoneta baten zain. Pentsatzen dute Lanestosakoak, Espejokoak eta Barkoxekoak ere halaxe sentituko direla: bazterrekoak, bai, baina Euskal Herri / Euskara Herri beraren parte.

Gu ez gara Cascanteko bidegurutze horretan egongo, Arespalditzako bidean edo Larrinbeko biribilgunean itxarongo diogu Korrikari. Eta furgoneta datorrenean, haren atzera bildu, eta tipi-tapa, tipi-tapa, korrika, zerbaiten parte sentituko gara. Zerbait hori zer den definitzea zaila da, baina, oroz gain, sentimendu bat dela esango nuke, Korrikak soilik eragin dezakeen sentimendua. Izan ere, Euskal Herriaren lurralde osoa hartzen duen ekimen gutxienetako bat da Korrika.

Zaldi Eroak aurreko edizioaren harira egindako zinta batean zera zioen: “Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde #korrika dabiltzala”. Horra hor Korrika sentimenduaren definiziorik argiena.