TXETXU URKIJO: “Inoiz baino giro euskaldunagoa arnasten da, berbalagunkide batentzat gauza handiagorik ba ote?”

Txetxu Urkijo nauzue, Laudioko berbalagun-kide bat. Duela gutxi, Korrika niretzako zer den paper batean islatzeko eskaera helarazi zidaten eta… zer nahi duzue esatea, bai mandatu zaila!

Nire uste apalean, Korrika gauza asko dira. Hala ere, horien guztien artean

garrantzitsuena igortzen duen funtsezko mezua da, hau da, denok batuta gure hizkuntzaren alde urratsak emateko garaia dela, Euskararekiko konpromisoa ezinbestekoa dela eta, are gehiago, berau adierazteko presa dagoela. Hitz batez, Euskararen aldeko jarrera erakusteko orduan oinez ez, korrika aritu behar dugula!

Korrika 18a ate joka dugu eta lelo argi bezain ederra dakar:“Eman Euskara Elkarri”. Egungo egoera ederto erakusten duen esaldia dugu hau. Izan ere, gaur egun dagoen euskaldunen kopurua nahiko altua da, duda barik datu positiboa dena. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, kaleko erabilera aztertzen hasten bagara. Zoritxarrez, oraindik ere nahiko urriak dira gure hizkuntza ederra entzuteko parada ematen duten lekuak. Eta toki horien artean ez dago, ez behintzat gure herrian, preziatuena, hots, kalea. Hau dela eta, oraingoz tamalez erabileraren garrantzia azpimarratu behar da.

Korrikarekin batera, Euskararen alde gure herrian burutzen den mobilizaziorik handienarekin batera hain justu, beste jarduera franko antolatzen dira, hala nola, korrika kultaralak barnebiltzen dituen ekintza guztiak, herri gehienentan antolatzen diren korrika txikiak… geure herrietan inoiz baino giro euskaldunagoa arnasten da, berbalagun-kide batentzat gauza handiagorik ote?