KAITIN ALLENDE: “Ama, nik, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz badakit”

Korrika 18 datorrela eta, tipi-tapa abiatu beharrean, orain, ama naizen aldetik, korrika egiteari ekin diot semearen atzetik. Eman Euskara Elkarri leloari eutsi eta korrika 7an aitite Agustinek lekukoa eraman zuela gogora ekarri dut. Orduan aitite eta orain, Korrika 18rako prestatzen ari garen honetan, hazi berriak gurean, arbasoek utzitakoari bultzada emateko prest, euskaraz bizitzeko gertu.

Gure heziketa aukeratu zutenek ahal zuten guztia egin zuten, batzuk, beste batzuk baino zorte hobea izan genuen eta D ereduan hezi ginen. Gaur egun, aukera ezin hobea dugu gure txikien egarria euskal iturritik asetzeko, D ereduan, alegia. Ama-hizkuntza euskara duten txikiek zorionekoak dira eta inguruko erdaldunen kezka ere badirela ohartzen gara egunero. Gure txikiari zuzentzerakoan euskaraz egiten badugu, gerta liteke zuekin tril egin duenak ulertu ez, eta zure seme-alabari zerbait esaterako orduan honako galdera luzatzea: “baina gaztelaniaz hitz egiten badiot ulertuko ote dit?”. Jakina ulertuko duela, hori da zorionekoa izatea, hizkuntzaren mugarik ez ezagutzea eta albokoari emateko aukera izatea. Eman Euskara Elkarri, eta Aiaraldean ere zera entzun ahal izatea; “Ama nik, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz badakit”, “ba…aitite Agustinek Okondoko gaztelaniaz bakarrik zekien baina euskara maite zuen eta Okondoko lekuko eramaile ofiziala bihurtu zen”. “Euskaraz bizi nahi dut eta gauza bera egin dezakezu zuk”….hori da azkenaldian behin eta berriro kantatzen duguna, eta beste kantu batekin bukatzeko…”guk, euskaraz,zuk….zergatik ez?” Euskaraz egiten hasteko akaso abestea onena, eta horretan gurasook uste baino gehiago egin dezakegu.