Korrika 1980/2013

21-170x211

Korrika 1
1980-XI-29 / 1980-XII-7

“Zuk ere esan bai euskarari”, “40.000 adultos están haciendo Euskadi”

Oñati – Bilbo

1980ko azaroaren 29. Larunbat arrunta, itxuraz, gaueko hamarrak arte bere izaera berezia aldarrikatzen hasi ez zena. Negu gorriko gau hartan, Euskal Herriko kanpai gehienek ozen barreiatu zuten Korrika izeneko euskararen aldeko ekimen berriaren hasiera. Oñatiko Unibertsitateko ateetatik abiatu zen lehen Korrika eta elurra ari zuen. Lasterketa bederatzi egun geroago heldu zen Bilbora.

Korrika 2
1982-V-22 / 1982-V-30

“AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde”

Iruñea – Donostia

Ehunka lagunek euskararen aldeko lasterketaren 2. edizioari ekin zioten Iruñean. 1982ko Korrikan Rikardo Arregi kazetari, idazle eta kultur eragilea omendu moduan aukeratu zuten AEK-ko arduradunek. Arregi izan zen lehen Korrikan lekuko barruan idatzitako gutunaren egilea, gure hizkuntzaren aitzindari eta bultzatzaileei izkiriatuta zegoen gutuna, alegia.

Korrika 3
1983-XII-3 / 1983-XII-11

“Euskaraz eta kitto!”

Baiona – Bilbo

Bilbora, garaiz, iritsi zen Korrikaren 3. edizioak idazle handia omendu zuen: Gabriel Aresti. 1983ko martxoaren 26an jende uholde batek hartu zuen Bilbo, Baionan hasitako lasterketaren azken ekitaldian, “Euskaraz eta kitto!” lelopean.

Korrika 4
1985-V-31 / 1985-VI-9

“Herri bat, hizkuntza bat”

Atharratze-Iruñea

Korrika 4ko lagunak 2.080 kilometro egitera abiatu ziren Atharratzetik Iruñera. Korrika 3n lekukoa eraman zuen Piarres Lafitte idazle eta pertsona handia omendu zuen Korrika 4k, zendu eta hilabete beranduago. “Herri bat, hizkuntza bat” aldarrikatu zuten lasterketan parte hartu zuten milaka korrikalariek.

Korrika 5
1987-IV-3 / 1987-IV-12

“Euskara, zeurea”

Hendaia-Bilbo

1987ko apirilaren 3an Hendaiatik abiatutako jende uholdea Bilbon lurreratu zen apirilaren 12an Korrika 5i amaiera emanez. Lasterketak kantu eta bertsogintzan maisu izandako Balendin Enbeita omendu zuen, bertsolaritzan eta euskara suspertzen konstelazio disdiratsua izandako familia bateko kidea. Konstelazio horretan, berau distira handiko izarra izan baitzen.

Korrika 6
1989-IV-14 / 1989-IV-23

“Euskara korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK”

Iruñea-Donostia

“Euskara korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK” leloa aukeratu zuen AEK-k Korrikaren 6. edizioari hasiera emateko. Omenaldia jaso zuena euskal kulturaren langile nekaezin eta jakintsua izan zen: Jose Migel Barandiaran, mende bateko korrikalaria. Oztopo guztien gainetik eta komeria ugari bizi eta gero, Iruñetik Donostiara abiatu zen Korrika, gau eta egun gelditu gabe.

Korrika 7
1991-III-15 / 1991-III-24

“Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria”

Gasteiz-Baiona

Korrikaren zazpigarren edizioak bazuen bereizgarria ipar euskal herritarrentzat. Izan ere, Bidasoaz iparraldean, Baionan, amaitu zen lehen aldiz lasterketa. Milaka euskaldunek euren eskuetan eroandako Korrikaren lekukoaren egileak, Remigio Mendiburuk, Gasteizen hasitako Korrikaren omenaldia jaso zuen.

Korrika 8
1993-III-26 / 1993-IV-4

“Denok maite dugu gure herria euskaraz”

Iruñea-Bilbo

Ilunik gabeko udaberri argian hasi zen zortzigarren Korrika. 1993ko martxoaren 26an Iruñetik abiatuta, lekukoak 2120 kilometro egin zituen, eskuz esku, Bilbora iritsi arte. Martin Ugalde kazetari, historialari, idazle eta kultur eragile andoaindarra omendua izan zen, komunikabide eta AEKren arteko komunikazioa errazteagatik; eta oro har, euskalduntze munduaren ispilua izateagatik.

Korrika 9
1995-III-17 / 1995-III-26

“Jalgi hadi euskaraz”

Donibane Garazi – Gasteiz

“Jalgi hadi euskaraz” lelopean, Korrikaren 9. edizioa Donibane Garazitik Gasteizera abiatu zen. Mikel Laboa izan zen omendua eta omenaldi honekin bere belaunaldiko kantari guztiek euskararen berreskurapenean izan zuten garrantzia nabarmendu zen.

Korrika 10
1997-III-14 / 1997-III-23

“Euskal Herria korrika”

Arantzazu – Bilbo

Laino gutxi batzuen azpitik, Arantzazuko atariko harlauzen gainetik abiatu zen Korrika 10, Luis Villasante euskaltzainak lekukoa zeramala. Ekitaldiaren hasiera izateaz gain, gertakizunak bazuen emozio erantsia, bai Villasante omenduak lekukoa eramateagatik baita abiapuntuagatik. Biek ordezkatzen dutena, Arantzazu eta Euskaltzaindia, ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula euskal kulturaren baitan, eta noski, ezta AEKren historian ere.

Korrika 11
1999-III-19 / 1997-III-28

“Zu eta ni euskaraz”

Iruñea-Donostia

Lekukoa 1999ko martxoaren 19an Iruñetik abiatu zen eta hil horren 28an Donostiara iritsi zen. Berrikuntza garrantzitsua izan zuen edizioak. Hamaikagarrena izanda, omenduak ere hamaika izan ziren eta ez bakarra, orain arte bezala. Gauzak horrela, hamaika esparrutan euskararen alde diharduten hamaika pertsona edo erakunderi eskerrak eman zizkieten. Hona hemen omenduen zerrenda: Pedro Migel Etxenike, Joxe Ramon Etxebarria, Jose Angel Iribar, Maitena Araguas, Etxepe enpresa, Mendia optika, Laudioko ikastolaren sortzaile taldea, Argiñe Iturregi, Euskalerria irratia, Arantza herria eta Maiatz taldea.

Korrika 12
2001-III-29 / 2001-IV-8

“Mundu bat euskarara bildu”

2001eko martxoaren 29an Gasteiztik abiatu eta apirilaren 8an Baionan bukatu zen hamabigarren Korrika. Urte honetan, ibilbide arruntaz gainera, ibilbide birtuala ere egin ahal izan zen ziberlekukoari esker. “Mundu bat euskarara bildu” zioen Korrika 12ren leloak; munduko hizkuntza aniztasunaren aurrean, euskararen aberastasunari eusteko herritar guztion konpromisoa eskatzen zuena. Euskaldunon hizkuntza zabaltzeko eta gizarteko arlo guztietan erabilia izateko beharrezko diren bitartekoak jartzea guztion ahalegina beharrezkoa dela gogoarazi zigun Korrikak.

Korrika 13
2003-IV-4 / 2003-IV-13

“Herri bat geroa lantzen, korrika”

Euskaren alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena da Korrika. Hamahirugarren edizioak gogora ekarri nahi izan zuen Euskal Herriak bere kultura eta hizkuntza berreskuratzeko lana ez dela gaurkoa. 60-70. hamarkadetan euskara eta euskal kulturari ekarpen garrantzitsua egin zioten horiek jaso zuten Korrika 13ren gorazarrea. “Ez dok amairu” mugimenduak eta bertako partaide izan ez baina hainbat esparru artistikotan aritutakoek jaso zuten omenaldia. Edizio honek, gainera, protagonista berezia izan zuen: Euskaldunon Egunkaria.

Korrika 14
2005-III-10 / 2005-III-20

“Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai”

“Euskal Herria euskalduntzen; ni ere bai!” leloarekin eskatu nahi izan zien AEK-k euskaraz ez dakitenei euskaldundu daitezen. Ildo horretan, Korrika 13k euskaldun berriak goraipatu zituen eta horien guztien ikurtzat har daitekeen Andolin Eguzkitza zendua omendu zuen. Korrikak lehenengo urratsak Orreagan eman zituen 2005eko martxoaren 10ean eta hamaika egun geroago, milaka euskaltzale elkartu zituen Bilboko kaleetan.

Korrika 15
2007-III-22 / 2007-IV-1

“Heldu”

Karrantza-Iruñea

“Heldu”. Horixe izan zen 15. Korrikaren leloa; herriari, hitzari, elkarlanari, euskarari eta lekukoari oratzeko konpromisoa eskatu zuena. Euskal emakumeak izan ziren omenduak euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko egin duten lanagatik. Karrantza eta Iruñea artean burutu zen, 2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era bitartean eta mezua Xabier eta Miren Amurizak idatzi eta irakurri zuten.

Korrika 16
2009-III-26 / 2009-IV-05

“Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira”
Tutera – Gasteiz

Euskaldunok ongietorria egiten diegu gure herrira, gure etxera, gure artera datozen lagunei. AEK-k berdin egin nahi izan zuen Korrika 16rekin: ONGI ETORRI! handi bat luzatu zien euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaltzale guztiei, euskaldunei eta euskaldundu nahi duten guztiei, bertokoei eta kanpotik datozenei.

Korrika 17
2011-IV-7 / 2011-IV-17

“Maitatu, ikasi, ari… euskalakari”
Trebiñu – Donostia

17. edizioan, euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen duten euskalakariz bete ziren Euskal Herriko errepideak, kaleak, auzoak… Euskal Herria euskalduntzeko herritar bakoitzaren egitekoa, garrantzia eta protagonismoa aldarrikatu zituen Korrika 17k. Herritar guztiak euskalakari izango diren Euskal Herria da Korrikaren azken helmuga; Euskal Herri euskalduna da AEKren azken helburua.