Korrika 18ko mezua: “Eman euskara elkarri”

logo1_hor-1024x568

Korrika 18k Eman euskara elkarri dio, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko.

Dakienak ikasi nahi duenari irakatsi, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera eman, agintariek herritar orori ikasteko bideak erraztu… Denok dugu zeresana eta zeregina. Euskara denona da eta denontzat izan behar du. Kohesiorako lehengaia eta tresna.

AEK-ko kideok hizkuntza eta kultura bizien arteko bizikidetza aldarrikatzen dugu, eta munduarentzat defendatzen dugun kultura aniztasunak bertako aberastasunaren errespetuan eta sustapenean oinarritu behar duela deritzogu. Horregatik dugu helburu euskararen ikaskuntzan eta erabileran oinarritutako elkarbizitza.

Euskara UNESCOren hizkuntza gutxituen atlasean dago. Hizkuntza bizia da, baina ahula da bere egoera, eta oso kezkagarria lurralde batzuetan. Horregatik, botere publikoei dei egiten diegu euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezar ditzaten. Baita norbanako eta erakunde guztiei ere euskara ikasi eta erabili dezaten, eta bere aldeko testuinguru soziopolitikoa sortu dezaten.